Jokoan

Kirolari eskeinitako irratsaioa, <strong>Athletic</strong> nagusi dala. Egunero talde zurigorriaren gorabeheren errepasoa, gizonezko zein emakumezko taldeena. Gainerako kirolak ahaztu barik, sasoian sasoikoa: pelotea, saskibaloia, txirrindularitzea, arrauna… <strong>Tertuliak</strong> be bai, 14.30etatik 15.00retara, adituekin. <strong>Futbolaz</strong> Ibon Larrazabal , Juan Carlos Latxaga, Imanol Etxabe, Goizane Gernika, Aitor Ramos eta Aritza Eskandonagaz berba egiten dogu. <strong>Pelota</strong> kontuez Imanol Magro, Cesar Ortuzar eta Iñaki Izagaz. <strong>Saskibaloiaz</strong> Mikel Reina, Mikel Retolaza eta Unai Zamalloa. <strong>Txirrindularitzea</strong>ri buruz berba egiteko Javi Bodegas izaten dogu geurean. Kirol lehiaketaren baten barri emon gura badeuskuzu <strong>kirolak@bizkaiairratia.eus</strong> e-maila dogu erabilgarri

Lekittarrako entrenatzaile barria ilusinoz ganezka dago erronka barriari ekiteko

Lekeitioko Isuntza arraun taldeak etxeko entrenatzaile baten aldeko apostua egin dau gizonezkoen trainerua zuzentzeko datorren denporaldian. Markel Akarregi Bengoetxeak hartuko dau Osertz Aldairen kargua. Akarregi anai gazteak odolean daroa Isuntza. Jon anaiak zabaldutako bidetik, Markel alebinetan hasi zan arraunean herriko arraun taldean. Beheko maila guztietatik igaro ondoren, hamazortzi urteko ibilbideari ekin eutson Lekeitioko gizonezkoen traineruan, igaz arraun egiteari itxi eutson arte lan arazoak zirala-eta. Akarregik esperientzia luzea dauka entrenatzaile lez Isuntzako beheko mailetan baina bere lehen esperientzia izango da senior mailako talde bat zuzentzen. Gogotsu eta ilusinoz ganezka dago erronka barriari egiteko. Beragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean.

10-08
--:--

Jon Elortegi, Ibon Rodriguez eta Jon Intxaurtieta, Kaiku, Santurtzi eta Arkoteko ordezkariekaz egin dogu berba

Traineruen denporaldia orain dala aste batzuk amaitu zan talde askorentzat, Kontxako Banderaren sailkatze estropadaren ondoren. Asteburu honetan Eusko Label Ligako azken jardunaldi biak jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten. Ligea erabagita dago Orioren alde eta talde gehienak presinorik barik lehiatuko dira, bagilaren batean hasitako kanpaina luzeari amaiera duina emoteko asmoagaz. Ez da hori Bermeo eta Portugaleteko estropadetan denporaldia jokoan eukiko daben bost taldeen kasua. Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben bost traineruak dira. Kaiku hamaikagarren postuan sailkatu zan Eusko Label Ligan, Santurtzi eta Arkote KAE 1eko lehen sailkatu biak dira eta Chapela eta Tiran Galiziako ligako traineru bi onenak. Bost talde honeek estropada bakarrean ikusi dabe alkar denporaldi honetan. Irailaren 4ean izan zan, Donostiako badiako uretan, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Olatuak eta haizeak nagusi izan ziran Donostian badian eta horrek izugarri baldintzatu eban traineruen jarduna. Santurtzi izan zan Eusko Label Ligako play offean parte hartuko daben bost traineruetatik azkarrena. Soterak 9 segundo atera eutsazan Chapela, Galiziako txapeldunari, Kaikuk minutu erdi galdu eban, Arkotek 38 segundo eta Tiranek 44 gehieago behar izan ebazan. Halanda ze, Santurtzi eta Chapela dira faboritoak jokoan egongo diran postu biak eskuratzeko. Zapaturako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro inguruko olatuak altzauko dauz, eta haizeak ipar-mendebaldetik joko dau.

09-18
--:--

Zuri-gorriek lehenbiziko aldiz jokatuko dabe denporaldi honetan San Mamesen

Athleticek Bartzelona jasoko dau astegoien honetan F Ligako bigarren jardunaldian San Mamesen, domekan eguerdiko 12:00etatik aurrera. Aurtengo denporaldian Athleticek Katedralean jokatuko dauan lehen norgehiagoka izango da, lehen jardunaldian Lezaman aritu ziralako lehoiak, Costa Adeje Teneriferen aurkako bardinketan. Beraz, ligako lehen garaipenaren bila urtengo dira zuri-gorriak zelaira. Edozelan be, aurrean euki ahal dauan aurkaririk gogorrena eukiko dau Athleticek, Bartzelonak azken sei ligak irabazi ditu-eta. Edozelan be, Athleticek primeran lehiatu eban pasa dan denporaldiko partiduan eta Bartzelonak luzapenera arte sufridu eban San Mamesen hiru puntuak lortzeko. Hain zuzen be, aurreko urtean egindako partidua abiapuntu ona dalakoan dago Ane Campos, Athleticeko aurrelari barria. Campos aurtengo udan heldu da talde bilbotarrera Eibarren sei denporaldi egon eta gero, lau F Ligan. Denporaldiko lehen hitzorduan hasierako hamaikakoaren parte izan zan eta, esan deuskunez, gustura dago Bilbon: "Oso ondo egokitu naz taldera, primeran hartu nabe". 2029ra arte Athleticen Camposek 2029ko ekainaren 30era arte sinatu dau kontratua Athleticegaz. Beraz, taldeak epe ertainean dituan planen parte izango da jokalari getariarra. Bere golak garrantzitsuak izango dira barriz be sailkapenaren goikaldean egoteko. Ildo horretatik jarraituz, Camposek hiru gol sartu ebazan aurreko denporaldian Eibarregaz. Aurretik, Erreala, Oiartzun eta Zumaiako taldeetan jokatu eban.

09-05
--:--

Jokoan kirol tarteko tertulian aritu dira Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basaldua

Athletic zaleok ez dogu barri onik jaso azken egunetan. Aymeric Laportek ezingo dau Athleticen jokatu, hasiera baten eta oraingoz, FIFAk ez dauelako jokalariaren fitxaketea onartu. Yeray Alvarez baztertuta dagoala eta Unai Egiluzek belauna apurtuta, Valverdek lehen taldeko erdiko atzelari bi bakarrik izango ditu ligeari eta txapeldunen ligeari ekiteko. Beste alde batetik, Ernesto Valverdek lau partiduko zigorra eta Alex Padillak hirukoa jaso ditue Betisen zelaian ikusitako txartel gorriengaitik. Honek kontuok jorratu doguz Bizkaia Irratiko Jokoan tarteko tertulian

09-04
--:--

Bizkaiko traineruak ez dagoz faboritoen artean baina, itsasoa lagun, ezustekoa emoten ahaleginduko dira

Kontxako Banderarako sailkatze estropadetako lehenengoa jokatuko da Donostiako badian gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera. Emakumezkoen mailako proba banakako erlojupeko modalidadean jokatuko da eta parte hartuko daben 21 traineruek luze bi eta ziaboga bat osotu beharko dabez jokoan dagozan zazpi postuetako bat eskuratzeko lehian. Kontxako Banderan lehiatzeko hautagaiak bi taldetan banatu dabez antolatzaileek. Astillero, Chapela, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Tiran, San Juan, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia taldeek osotzen dabe A moltsoa eta Mecos, Rianxo, Cabo da Cruz, Cesantes, Castropol, Deusto, Hernani, Kaiku, Lekittarra eta Ondarroa taldeek B moltsoa osotuko dabe. Urteera ordena, bai taldeena bai traineruena be, eguazten goizean Donostiako udaletxean egingo dan zozketan zehaztuko da. Kontxako sailkapen-proba da kirolarien, teknikarien eta klubetako arduradunen artean kezka gehien sortzen dauena. Bildurraren estropada lez ezagutzen da. Izan be, denporaldiko banderarik garrantzitsuenetik kanpo geratzeko aukerak benetako ikarea sortzen dau. Zazpi bakarrik sartuko dira Arraun Lagunakekin lehiatzeko iraileko lehen bi igandeetan, eta gainerako hamalauek zezenak hesitik ikusteagaz konformau beharko dabe. Klimatologiak paper garrantzitsua dauka, erabagigarria batzuetan, traineru-estropada guztietan. Garrantzi hori areagotu egiten da Kontxako banderan, traineruek itsaso zabalean egiten dabelako estropadaren zati handi bat. Eguaztenerako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro eta erdi baino gehiagoko altuera izango dau. Egunaren lehen zatian haizeak hegoaldetik joko dau eta tenperatura altuak eragingo dauz. Arratsaldean, lehenik iparraldera eta gero ipar-mendebaldera egingo dau, 12 korapilorainoko boladekin. Itsas baldintza horreek ezustekoak sortzeko aukera biderkatzen dabe. Igaz, urrun joan barik, Orio, Euskotren Ligako talde klasikoetako bat, Kontxatik kanpo geratzeko zorian egon zan. Eguenean gizonezkoen probea Itsasoaren egoerak txarrera egingo dau eguenean 18:00etatik aurrera jokatuko dan gizonezkoen mailako sailkatze estropadan. Aurreikuspenen arabera, ipar-mendebaldeko haize bizia eta gogorra ibiliko da, eta metro bi inguruko hondoko itsasoa. Denporaldi honetan traineruek hain baldintza txarrei aurre egin beharko deutsien lehen aldia da, itsaso barea nagusi izan dan ikasturte baten ondoren. 21 ontzi lehiatuko dira gizonezkoen sailkatze-proban. Bermeo, Ares, Cabo, Getaria, Kaiku, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Hondarribia, San Juan eta Zierbena ariko dira A moltsoan, eta Arkote, Chapela, Hibaika, Lapurdi, Meira, San Pedro, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zumaia. Aukera ona Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben, Chapela eta Tiranen Galiziako bi ontzien mailearen barri eukiteko.

09-03
--:--

Euskotren Ligea irabazi dabe eta buru belarri dabilz prestatzen Kontxako banderea

Donostiako Arraun Lagunak taldeko traineruak irabazi dau aurtengo Euskotren Ligea. Ez da Bizkaiko trainerurik izan emakumezkoen gorengo mailan, Kaiku, Ondarroa, Deusto, Isuntza eta Portugalete ETE ligan aritu badira be. Halandabe, badira Bizkaiko arraunlariak Euskotren Ligako ontzietan. Arraun Lagunaken, adibidez, hiru arraunlari bizkaitar ari dira Juan Mari Etxaberen aginduetara eta estropada gehienetan ikusi doguz arraunean. Mar Larrea ondarrutarra, Jule Arkotxa lekeitiarra eta Zuberoa Egurrola, elantxobetarragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Oso pozik dagoz orain arte lortutakoagaz baina helburu nagusi bat daukie denporaldi amaierarako: Kontxako bandera irabaztea

09-02
--:--

Katxete bola-jokoa antzinako modalidadea da, kirol honen lehenengo datuak XIX. mendekoak dira

Katxete bola-jokoa antzinako modalidadea da, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko herri batzuetan jokatzen dana, eta antzinatasun hori ez dago datauta. XIX. mendean, jada, bere existentziari buruzko datuak badagoz, 1830etik hain zuzen be, baina ez dago haren jatorriari buruzko daturik. Adituek dinoe, antzinatik jokatzen dala eta tradizinoa askoz be zaharragoa dala. Enkarterri eta Ezkerraldeko kirol autoktono bakarra da. Katxete deitzen da jaurtitzeko moduagaitik, zaplasteko baten antzera jaurtitzen dalako eta baita kolpearen soinuagaitik be. Jokatzen dan zelaiari karrejo esaten jako, jaurtitzen dana bola da eta modalidade honetan aritzen diran kirolariei, bolari deitzen jake. Hain tradizionala dan kirol hau hobeto ezagutzeko, bolari bigaz berba egiteko aukera euki dogu. Batetik, Urioste klubeko Aaron Ruiz, besteak beste, 2023an Euskadiko txapelduna izan zana, Eta bestetik, Errekatxoko Alex Torres, aurtengo Euskadiko txapelduna gizonezkoen modalidadean.

08-07
--:--

Hodei Mentxaka: "Zortzi hilabetetako lana da hau"

Sotera berriro be garaipenaren bidean da. Astegoien honetan, Astilleron eta Pasaian azkarrenak izan dira eta lehen bi garaipenak lortu dabez. Zapatuan 20:13:46ko denborea egin eban. Atzetik, Sukia - Zumaia eta Arkote Occidental helmugaratu ziran. Domekan, aldiz, 20:40:60ko denboreagaz izan zan lehenengoa. bigarren Lapurdi Antton - Bilbao izan zan eta hirugarren berriro be Arkote. Sailkapen nagusian Itsasoko ama da lehena 24 puntugaz, bigarren Arkote eta hirugarren Zumaia. Beste bizkaitarrei jagokonez, deustu bederatzigarrena da eta bigarren taldean Portugalete bigarren eta Lutxana azkena, seigarren.

06-23
--:--

Urko Vidal: "Oso pozik nau atzo lortutakoagaz"

Urko Vidal txirrindulari gaztea izan zan atzo txapeldun Mungiako Agustin Sagasti memorialean. Eiser Hirumeteko txirrindulariak sendotasunez irabazi eban Bizkaiko errepideetan. Lasterketa arraroa izan zan. 130 kilometro inguru egin behar eben txirrindulariek, baina errepidean egoan gasolina isurite baten ondorioz, lasterketa laburtzea erabaki eben. Hainbat txirrindulariren artean eztabaida sortu zan lasterketa bukatzea arriskutsua izango ez ete zan. Azkenik, lasterketa amaitu eben eta Urko Vidal, Berastegiko txirrindularia, izan zan lehenengoa helmugaratzen. Helmugan pozez zoratzen ikusi gendun, baita negarrez be, hunkituta. Garaipenaren biharamonean, beragaz berba egiteko aukerea euki dogu Bizkaia Irratiko Jokoan irratsaioan.

06-16
--:--

Joanes Goitisolo gernikarra eroso ibili zan Oñatiko kaleetatik, aurkariak lehen kilometroetan atzean itzita

Joanes Goitisolo Otazua da Euskadiko Duatloi txapelduna. Pasa dan astegoienean Oñatiko kaleetan izugarrizko ikuskizuna emon eban gernikarrak. Urteak aurrera badoaz be, Goitisolo inoiz baino indartsuago dau eta horren erakusle izan zan Oñatiko Duatloi lasterketa. 3 kilometro behar izan ebazan Joanes Goitisolok bere aurkariak atzean izteko. Hurrengoko kilometroak bere buruaren eta gorputzaren kontra egin ebazan. Hiru sektoretan banatuta egon zan proba. 10 kilometro korriketan, 38,5 kilometro bizikletan eta azken 5ak korriketan egin eben atletek. Guztira 53,5 kilometro. Alusigma Peñote Dental taldeko atletaren kasuan 01.50.39ko denboran amaitu eban lasterketa. Mikel Arrasate lekeitiarra izan zan bigarrena. Aitatzekoa Urdaitri Triatloi Taldeko Unai Zoilo Elexgarai sukarrietarrak eginiko txirrindula gaineko lana, 4. denbora onena lortu eban. Garraitz Kirol Taldeko Kepa Legarza Lopez 14. postuan helmugaratu zan eta honen bestez, V2M kategoriako denborarik onena berea izan zan.

04-03
--:--

Athleticeko erdilariak oso ondo ikusten dau taldea denporaldiko azken partiduei ekiteko

Bederatzi partidu jokatuko dauz Athleticek Liga txapelketearen azken txanpan, lau San Mamesen eta bost etxetik kanpo. Zuri-gorriak laugarren dagoz sailkapenean, oso ondo kokatuta lehiaketearen azken txanpara begira, sei puntuko aldeagaz atzetik dituen Vila-real eta Betisekiko. Zuri-gorriek argi daukie datozen bederatzi partiduak erbakigarriak izango dirala, benetako finalak, datorren domekan La Ceramica estadioan Vila-realen aurka jokatuko daben lehiatik hasita. Mikel Vesgagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan tartean. Athleticeko erdilariak oso ondo ikusten dau taldea denporaldiaren azken txanpeari ekiteko. Gosea daukala dino eta anbizinoz ekingo deutsela Ligako zein Europa Ligako partiduei. 235 partidu jokatu ditu Mikel Vesgak Athleticen elastikoagaz zortzi denporalditan. Aurten, baina, nahi baino minutu gitxiago jokatu dauz, 970 hain zuzen be. Bederatzi partidutan egonda hasierako hamaikakoan eta beste hamazortzitan aulkitik urten dau bedartzara. Minutu gehien jokatu daben gizonen zerrendara begiratuta, hamaseigarren postuan agertzen da erdilari arabarra. Bere egoerea gura baino txarragoa izan arren, itxaropentsu dago eta goraipatu egin dau Mikel Jauregizar edota Unai Gomezek taldeari egindako ekarpena. Vesgak ez dau sekula ahaztuko igazko apirilaren 6an bizi izandako esperientzia, gabarra barruan Getxotik Bilboko udaletxerainoko bidea egin ebenekoa. Esan beharrik ez dago itzela izango litzatekeela aurten beste titulu bat irabaztea.

04-03
--:--

Zaratamoko aurrelariak hamasei urtetan jokatuko dau profesional mailan eta hiru txapel eskuratu eta beste lau final jokatu dauz

2009eko ekainaren 13an jokatu eban Mikel Urrutikoetxeak bere lehen partidua profesionaletan, Zaratamoko, bere jaioterriko pelotalekuan, eta irailaren 20an Bilbon emongo deutso amaierea orduan hasitako ibilbideari. Hamasei urteko tarte horretan, lehen mailako hiru txapel jantzi ditu: Buruz burukoa eta lau ta erdikoa 2015ean lortu ebazan, eta binakakoa hurrengo urtean. Ganera, beste lau final jokatu ditu, bi buruz burukoan eta bana lau ta erdi barruan eta binaka. Esan beharrik ez dago, ibilbide oparoa izan dala Urrutikoetxeak bete dauena profesional mailan. Irailaren 20an jokatuko dau bere azken partidua Bilbon -ez dau pelotan jokatzen jarraituko beste enpresaren bategaz- baina aurretik beste hainbat frontoitan jokatu gura dau Mikel Urrutikoetxeak. “Maitatua sentidu nazen herrietan jokatu gura dot profesionaltasuna itxi aurretik” esan dau gaur Bilbon eskaini dauan prentsaurrekoan. Hamasei urte honeetan, une gozoak, ez hain gozoak eta txarrak bizi izan ditu Zaratamoko pelotariak. Txapeldun geratu ostean lesino larria euki eban. Handik gitxira, bere bizitzako “erreferente eta zutabe nagusia”, bere ama, hil egin jakon gaixotasun larri baten ostean. Kolpe itzela izan zan Mikelentzat. Apurka-apurka zulo baltz baten sartzen hasi zan, bere burua holan larri ikusita laguntzea eskatzea erabagi eban arte. Zorionez, zulotik urtetea lortu dau eta zoriontsu bizi da bere emaztea, seme-alaba biak eta aitagaz. Alde emozionalak kirolari profesional baten errendimenduan daukan garrantzia nabarmendu gura izan dau Mikelek. Urrutikoetxearen agurragaz, pelotari handi bat galduko dogu pelotazaleok. Baina horren ganetik, pertsona zintzo eta jatorra desagertuko da profesional mailako pelotatik. Ondo ibili Mikel.  

03-19
--:--

Lucas Fernandezen jokalariek mailarik onena erakutsi gura dabe Zaragozan, Ferrolen izandako porrota alde batera itxita

Zortzi talde lehiatuko dira eguenetik aurrera Espainiako Erreginaren Kopan, liga txapelketako sailkapeneko lehen zortzi postuetan kokatutakoak lehen itzuliko partiduak jokatu ostean. Lointek Gernika Bizkaia zortzi hautatuen artean dago eta Kopan lehiatzeko aukerea izatea sari bat da Lucas Fernandezek zuzentzen dauen taldearentzat, denporaldiaren lehen zatian egindako lan onaren erakusle. Ferrolen kantxan partidu negargarria egitetik dator Gernika-Lumoko taldea. Talde galiziarra aurkari zuzena da play offetan sartzeko borrokan eta lehia galtzeaz ganera, basket-average dalakoa be galdu eben bizkaitarrek. Izan be, 13 puntuko aldea lortu eben Malosten eta 26 puntugaitik galdu eben A Coruñan. Halanda ze, gernikarrek euren mailarik onena berreskuratu gura Kopa txapelketarako. Girona, ohorezko mailako liderraren aurka jokatuko dabe eguen arratsaldean Erreginaren Koparen lehen finalaurrekoan. Lucas Fernandezek Girona kanporaketea gainditzeko faborito nagusia dala autortu arren, ez deutso ikararik eta bere taldeak ausart jokatu behar dauela dino. Talde bizkaitarra ez da bakarrik egongo Zaragozan, marea granateko ehun zale baino gehiago joango dira-eta Fernandezen ekipoa animatzera.

03-18
--:--

Bermeo-Urdaibaiko entrenatzailea pozik agertu da Bou Bizkaiak Castroko estropadan egindako lanagaz

Bermeoko traineruak garaipena eskuratu eban, Castron joan zan domekan jokatu eban  aurredenporaldiko lehen estropadan. Bou Bizkaiak bost segunduko aldea kendu eutsen Zierbenari eta Oriori. Azken hiru denporaldietan traineru estropadetan nagusi izandako taldeak aldaketa ugari euki dauz 2025 urterako. Jon Salsamendi da entrenatzaile barria eta aurreko denporaldietan gizon garrantzitsuak izan diran arraunlari batzuk arraun egiteari itzi egin deutsoe klubean urte asko egin ondoren. Castron jokatutako estropadan, aurreko urtean Kontxako banderea irabazi eben hamalau arraunlarietatik, sei baino ez ziran egon Bou Bizkaiaren tostetan. Jon Salsamendigaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean, traineruaren lehenengo estropadan egindako aztertzeko. Entrenatzaile oriotarrak argi eta garbi dino bere taldeak asko daukala hobetzeko eta lan gogorra daukiela aurretik. Edozelan be, garaipen guztiak ondo etorriak dirala azpimarratu dau. Salsamendik garrantzi handia emon deutso aste santura arte egin beharreko lanari, ekainaren 1ean Bizkaiko txapelketeagaz hasiko dan denporaldiari indartsu ekiteko. Eusko Label Ligako traineru guztiak harrobiko lau arraunlari ontziratu beharko ditue hurrengo denporaldian. Urdaibaiko entrenatzailea harrobiko mutil gazteekaz dabil lanean etorkizunari begira.

03-05
--:--

Real Madril eta Athletic emakumezkoen ligako bigarren eta hirugarren sailkatuak dira, hurrenez hurren

Athleticek Real Madril jasoko dau domeka honetan San Mamesen, eguerdiko 12:00etan. Emakumezkoen ligan, bigarren eta hirugarren sailkatuak dira momentu honetan Real Madril eta Athletic, hurrenez hurren. Halanda be, 14 puntuko aldea dauka talde madrildarrak bere alde. Athleticen aurkari zuzenak Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko lehian, beraz, Atletico Madril eta Erreala dira. Domekako partiduaren atarian, Nahikari Garcia Athleticeko aurrelari gipuzkoarragaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan. Garciak dino Real Madril oso ondo dagoala momentu honetan. Izan be, Real Madril bizirik dago oindino Errege Kopan zein Txapeldunen Ligan eta Bartzelonaren erritmoa jarraitzeko ahalegina egiten dabil emakumezkoen ligan. Ganera, Garciak ondo ezagutzen dau Real Madril, bertan jokatu ebalako 2021etik 2023ra. Garciari jagokonez, aurrelari urnietarrak hiru gol sartu ditu aurtengo denporaldian. Dana dala, bere bertsinorik onena etortzeke dagoalakoan dago. Horren harira, uste dau selekzinoen etenaldia ondo etorri jakola Athleticeri, atseden hartzeko eta denporaldiaren azken txanpari ekiteko. Halanda be, albiste txarrak be jaso ditu taldeak aste honetan. Esaterako, Clara Pinedo lesionatu egin da. Jokalari bizkaitarrak lesinoa dauka eskuin hankako muskulatura iskiosuralean eta ezin izango dau domekako partiduan parte hartu.

02-28
--:--

Unai Gomezek eta Mikel Jauregizarrek indartsu ikusten dabe taldea denporaldiaren azken txanpeari begira

Sekula ez dira Bermeoko jokalari bi batera egon Athleticen lehen plantilan. Unai Gomez Etxebarria eta Mikel Jauregizar Alboniga bigarren denporaldia beteten dabilz Ernesto Valverderen aginduetara eta azken honek, ganera, lekutxoa eskuratu dau hasierako hamaikakoan. Bizkaia Irratian Lezamara joan gara eurekaz berba egiteko egueneko entrenamendu saioa egin aurretik. Kontu ugari aztertu doguz hogetabat urteko jokalari biekaz. Garbi itxi gura izan deuskue, Bermeon baino hobeto ezin dala inon bizi. Kresala daukie odolean. Ondo ikusten dabe taldea denporaldiko azken txanpara begira eta garaipenaren bila urtengo dabe datorren zapatuan Metropolitanon jokatuko daben partiduan. Horregaz batera, autortu dabe ezin dabela burutik kendu aurtengo Europa Ligako finala San Mamesen jokatuko dala. Unai eta Mikel Bermeon bizi dira eta egunero doaz entrenatzera Lezamara. Esan deuskue, Athleticen jokatzeak ez dauela askorik aldatu euren eguneroko bizitzea. Oscar De Marcos, denporaldi amaieran futbola itxiko dauen kapitainaren ganean itaunduta, batak zein besteak berba onak baino ez daukaz arabarrarentzat. “Oscar de Marcos pertsona berezia da guretzat. Asko lagundu deusku beti. Faltan botako dogu” esan deuskue eguena goizean Lezaman izandako barriketaldian. Oihan Sanceten lesinoaz, Valverdegaz daukien erlazioaz eta beste hainbat konturen ganean egin dogu berba Gomez eta Jauregizarregaz.

02-27
--:--

Euskal talde biak sailkapenean bardinduta dagoz eta Txapeldunen Liga puntu bakar batera daukie

Athleticek Errealari aurre egingo deutso domeka honetan San Mamesen jokatuko dan euskal derbian, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Momentu honetan, euskal talde biak bardinduta dagoz sailkapenean, 32 puntukaz. Athleticek eta Errealak 10 partidu irabazi, bi bardindu eta sei galdu dabez. Beraz, parekotasun handiko partidua espero da. Ganera, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauan hirugarren postuan jokoan izango da. Atletico Madrilek 33 puntu ditu eta hirugarren sailkatua da, baina Athletic eta Erreala puntu bakar batera aurkitzen dira. Lehen itzuliko partiduan, Errealak 1-0 irabazi eutson Athletici Reale Arenan. Aitatutako norgehiagokan, Athletic 10 jokalarikaz gelditu zan lehen zatian. Partiduaren harira, Ane Azkona Athleticeko jokalariagaz egin dogu berba euskal derbiaren astean. Aurrelari nafarrak denporaldiko lehen gol biak sartu ebazan aurreko astegoienean, Betisen aurka Sevillan jokatutako partiduan. Beraz, bolada onari jarraipena emon gura deutso Azkonak. Aurreko denporaldian zazpi gol sartu eta gero, bere zifrak hobetu gura ditu gelditzen diran partiduetan.

02-14
--:--

Emakumezkoen Athleticek eta Realak San Mamesen domekan jokatuko dabe derbia be aztertu dogu

Futbol tertulia egin dogu Bizkaia Irratian, eguenero egiten dogun legez. Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basaldua batu gara mahai baten inguruan, Athleticek domekan Cornella-El Praten Espanyolen aurka jokatuko dauen partidua aztertzeko. Jon Uriarte, Athleticeko presidenteak herri harmailaren ganean esandakoak be jorratu doguz, emakumezkoen Athleticek eta Realak domekan Katedralean jokatuko daben partidu erabakigarria ahaztu barik.

02-13
--:--

Athleticeko presidenteak argi eta garbi esan dau errespetuan oinarritu behar dala herri harmailearen jarduna

Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak Animazio Herri Harmailaren egoera aztertu dau eguazten honetan San Mamesen emondako prentsaurrekoan. Herri Harmailari buruzko Klubaren kontzeptu nagusien azalpenagaz hasi dau hitzaldia. Uriartek oso argi  laburbildu dauz kontzeptuak: "Errespetuz animetan dauen Herri Harmaila gura dogu". Izan be, "Errespetua, filosofia lez, ez da ikutzen". Presidenteak argitu dauenez, garrantzitsua da edozein jarreraren abiapuntua ez galtzea. Lehenik eta behin, "Herri Harmaila Athleticena da. Ez da inongo talde edo personarena: Athleticena da ". Eta bigarrenik, eta era berean garrantzitsua, Herri Harmailaren izateko errazoia "partida guztietan animetea da, San Mameseko gainerako ikusle guztiak batzen saiatuz", San Mamesen Orroa! -ren proposamenaren ondoren Ezohiko Batzarrean erabagi lez, bazkideek onartutako Animazio Herri Harmaila sortzea bultzatu ebana. Oinarri horreek kontuan hartuta, eta ICHHk bere kabuz erabagitako animazino-grebari dagokionez, Jon Uriartek adierazo dau ez dagoala "taldea alde batera uztea justifiketan dauen kexarik, gehien maite danari min egiten ez jakolako". "Athletic Cluben norbanakoen interesa lehenesten badogu kolektiboaren aurretik, hilda gagoz. Athletic da lehentasuna ", adierazo dau. Giro guzti honen kaltetu nagusia taldea da, eta hau goraipatu eban: "Jokalariek prozesu honetan daben jarrera eredugarria izaten ari da".

02-12
--:--

Joko antolatzaile gernikarra lehen denporaldia beteten dabil Lointek Gernika Bizkaian, kanpotik zazpi urtetan ibili ostean

Ane Olaeta Larraurik hamazortzi urtegaz urten eban bere etxetik, bere herritik, Kaliforniara joateko, bertan ikasketak egin eta saskibaloian jokatzera. Ameriketako Estatu Batuetan bost urte egin ondoren, Espainiako ligako talde batera jauzi egin eban, Lugoko taldera hain zuzen be. Urte bi bete ebazan bertan. Azkenik, uda partean Lointek Gernika Bizkaiaren deia jaso eban eta herriko taldera iltzultzea erabagi eban. Beragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Etxetik kanpo egindako zazpi urteetan asko ikasi dauela autortu arren, Olaetak garbi dauka etxean inon baino hobeto dagoala. Gustura dabil bere taldekideekaz. “Koadrila baten modukoa gara” dino. Hondino ez jako paseu Perfumerias Avenidaren aurkako partidua luzapenean galdu izanak itxitako zapore garratza, baina baikor dago etorkizunari begira. Kopearen azken fasea jokatuko dabe martxoan Zaragozan eta ligan lehen zortziren artean sailkatu eta play-offak jokatzea da helburu nagusia. Lehen urratsa eguen honetan emon behar dabe Celtaren aurkako partiduan.

02-11
--:--

Recommend Channels