Santa Maddalena etxean nago, Florentzian. Beatrice Monti da burua, laurogeitahamazazpi urteko emakumea. Gauza asko egin ditu bizitzan Beatricek. Ama galdu zuen sei urte eskas zituela. Geroztik, bere bidea egin du. Gaztetan arte galeria bat zabaldu zuen Milanen eta ostean New Yorken. Mark Rothko, Francis Bacon egin zituen ezagun Italian. Idazle bat hartu zuen bidelagun. Gregor Von Rezzori, Italian bizi eta alemanieraz idazten zuen errumaniarra.
Asteon jakin dut Floridako ikastetxeetako liburutegietatik Tango iritsita, hiru dira izeneko ipuina kendu dutela. Justin Richardson eta Peter Parnell-ek idatzia eta Henry Colen marrazkiekin. Justin eta Peter bikotea dira eta istorioa idatzi zuten New Yorkeko Central Parkeko zooan gertatutako gauza zoragarri bat aintzat hartuz. Zooan, bi pinguino ar elkarrekin egoten ziren beti, elkar maite ziren. Behin, eme batek albo batera utzitako arrautza bat errun zuten eta kumea izan zuten horrela elkarrekin, Tango izenekoa.
Berriaren hogeigarren urteurrena dela eta, ospakizunean egon ezin eta herriminez, Berria eta Euskaldunon Egunkariako hemeroteketan sartu naiz. Eta halaxe, tentazioa izan dut nire izena sartzeko, eta konturatu naiz noiztik eman izan didaten babesa. Lehenengo aipamena da 1995eko abuztuaren 2okoa, Basauriko kartzelatik askoren artean idatzitako gutuna argitara eman baitzuten egunkarian. 1998an atera zuten nire lehen zutabea, Hirusta sailean. Eta aspaldiko zutabe haiek hasi naiz irakurtzen, ni nitzen hura berriz ezagutu nahian edo, harekin solasaldia izan guran. Harritu egin nau gazte hark, eta belarritik tira ere egin dit, eta galdetu dit ez ote naizen gehiegi aldatu.
Gomutan dut Boris Vian idazlearen ipuin bat. Kontakizunean laino batek hartzen du hiria. Lainoa afrodisiakoa da eta, sekula ez bezala, halako zoriontasun lipar bat bizitzen dute hiritarrek. Utopia ero bat. Asteon New Yorken izandako lainoak baina ez zuen harekin zerikusirik. Astearte arratsaldean alaba eta biok metrotik atera ginela, neskatoa ohartu zen zerbait ez zela parte onekoa.
New Yorken dituen gauza tristeen artean bat da lagunen galera. Jendea joan eta etorri egiten da. Estatu Batuetako legea omen da, leku batetik bestera ibiltzea, hasiera hasieratik omen dute izaera nomada hori. Isilik, ezer esan gabe, agurrik gabe, desagertzen dira estimatzen dituzun horiek. Asteon, Johnny izan da. Etxe barruko familiako semea. Puerto Ricotik etorritako sendia etxeko sotoan bizi zen, aita-semeak arduratzen ziren eraikinaren mantentze-lanez. Amak garbiketa egiten zuen. Johnny haurtzarotik bizi izan da han baina aita erretiratu denean etxea utzi behar izan dute. Johnnyk lan berri bat aurkitu du beste eraikin luze batean.
Montauk New York estatuan ekialderen dagoen herria da, Long Islanden muturrean. Garai batean arrantzaleak, surflariak eta hippyak baino ez ziren bizi. Orain, aberatsak hasi dira etxeak erosten eta hango oreka apurtzen. Herria txikia da, baina badu oraindik kaia, New Yorkera doan arrain gehiena hemen arrantzatzen da. Hondartza luzeak ditu eta bukaeran, itsasargia. Antzinakoa da, berrehun urte baino gehiago ditu, Europatik zetozen ontzien itsas galerak sarritan izaten baitziren bertan, eta horregatik eraikia.
Florentziako Uffizi museora egin nuen ostera pasa den astean. Mundu mailan hain ezagunak diren gainontzeko museoetan egin ohi dudan bezala, obrarik famatuenetan baino bazterrekoak diren horietan jarri nuen arreta. Izan ere, Botticelli edo Leonardoren gelak mukuru beteta zeuden, eta ezinezkoa zen koadroak ikustea. Horrela, Fra Angelico edo Paolo Ucelloren margoez gozatu nuen. Miragarria iruditu zitzaidan “Hermafroditoa” deritzon eskultura. Erromatarren garaiko irudi hura gorputz erdiz emakumezko eta beste erdiz gizonezko den marmolezko figura bat da, etzanik dago, lo. Duela bi mila urte zizelatu zuten arren, erabat gaur egunekoa iruditu zitzai
Apirila izan da lurraren hilabetea New Yorken, poesiarena ere bai. Maiatza musikarena izango da. Eta aste hau, irakasleena. “Teacher Appreciation Week” edo irakasleak laudatzeko astea. Irakasleei mezuak idazten dizkiete ikasleek, opariak eman ere bai batzuetan, zoriondu egiten ditugu eta miresmena azaldu. Mezu bat heldu zaigu guraso elkartetik animatuz koloretako klarionak hartu eta eskolako atariko espaloian mezuak idaztera. Irakasleei zuzendutako mezuak, marrazkiak, kolorez, esker ona adieraziz.
Pasa den asteburuko New Yorkeko Times-ean museoei buruzko bi gehigarri zetozen. Horietan azaltzen zen nola ari diren museoak orain arte isilduak edo baztertuak egon diren egileen obrak berreskuratu eta haiei tokia egiten. Metropolitan museoa ere horretan ari da. Eta han, itzal handia ari da izaten Juan de Parejari buruz antolatu duten erakusketak.
Badiote Joe Biden presidenteak asteon iragarriko duela berriz aurkeztuko dela 2025eko hauteskundeetara. 82 urte izango ditu orduan, eta agintaldia bukatzen duenerako 86. Justu aste honetan bertan, asteazkenean hain zuzen, estreinatuko da John Kander konpositorearen musikal berria. Kander ezaguna da Cabaret edo Chicago musikal entzutetsuak idatzi zituelako. Berak sortua da “New York, New York” kanta ezaguna ere, nahiz eta mundu guztiak uste duen Frank Sinatrarena dela.
Bronxeko lorategi botanikoan goizeko zortzietan ilarak sortzen omen dira. Ateak zabaltzeko zain egoten da jendea, lorean dauden gereziondoez gozatzeko. Belaze oso bat hartzen dute han, hainbat daude, eta gereziondoen artean gal zaitezke. Lorategi botanikoa ez da gereziondo ikusgarriak dauden parke bakarra. Ale ederrak daude Central parkean edo gure auzoko Riverside apalagoan. Trenbide bat estali eta gainean eraikitako parkea da Riverside, Hudson ibaiaren ondoan. Eta orain gereziondoak loratzen dira azpitik badoazen trenen gainean.
Pasa den astean Martin Chalfie irakaslearen hitzaldi batean egoteko aukera izan genuen. Chalfie kimika Nobel sariduna da. Izenburuak erakarri gintuen batez ere, “Erabilgarria ez den ezagutzaren beharraz”. Kanpotik ikusita, ematen du zientzialariek helburu bat garbi izaten dutela eta haren atzetik joaten direla itsu-itsuan. Baina Chalfiek gauzek beste era batera funtzionatzen dutela azaldu zigun.
Asteon, Texaseko epaile batek Llano eskualdeko liburutegi publikoei agindu die debekatuak zituzten liburuak berriz ere apalategietara itzultzeko. LGTBQ+ kolektiboen bizipenak jasotzearren erretiratu zituzten liburuak. Texas da, Floridarekin batera, liburu gehien debekatu duen estatua. American PEN idazle elkartearen arabera, Estatu Batuetako eskola liburutegietatik albo batera utzitako liburuen artean gehienak, LGTBQ+ edo afroamerikarrekin lotutakoak dira. Ehuneko laurogeia. Gainontzeko liburu galaraziek bestelako gutxiengoen ahotsak agertzen dituzte. Zergatik isilarazi aniztasuna, zergatik debekatzen dituzte beste era batera ere bizi daiteekela erakusten diguten liburuak.
Azken geltokian gaude, azken trenaren zain. A lerroko trenak bertatik ateratzen dira eta han bukatzen dute ibilbidea. Zain gaude, tren berria noiz iritsiko. Badiote bagoi berriak erosi dituela New Yorkeko metroak, teknologian azkenak, erabat desberdinak. Umeak daude han tren berria ikusteko zain, eta helduak ere bai. Geltokiko buruak abisatu gaitu, ordu erdi batean helduko da. Beste modeloak bai, ailegatzen dira, tren zaharrak, hamarkadetan zailduak.
Udaberriarekin batera lorategiak atontzen hasten dira New Yorken. Neguaren gorriarekin soil geratu diren belazeak kolorez loratzen hasten dira. Lan hori parkeetako langileek egiten dute baina ez soilik beraiek. Hiritarrek ere bai. Eraikinen artean, hutsuneetan, auzokideek baratzeak lantzen dituzte. Community Garden deitzen dira, hots, komunitatearen baratzeak. Gure auzoan ere badaude batzuk, eta denetariko jendea ikusten duzu han, elkarrekin lanean, barazkiak eta landareak aldatzen. Baratzeak ez dira inorenak, guztionak dira.
Oscar sariak ikusten. Hautagai da Everything, Everyewhere, All at Once filma berezia. Edozer, edonon eta aldi berean. Gure gaur eguneko bizitzaren lema ematen du izenburuak. Bizi baikara toki batetik bestera, sarean eta mundu fisikoan barrena, galduta, iragana, oraina eta etorkizunaren artean. Pelikulan, Evelyn izeneko emakume batek gainbehera doakion bizitzari buelta emango dio unibertso digitalean. Han beste pertsona bat da, han nor da bizitza errealean ausartzen ez dena egiteko.
Zerura begira geratu dira oinezkoak espaloian. Han, urrun, parkearen gainean, bi arrano ikusi dituzte hegaz, biribilean. Harrituta daude. “Zoologikotik ihes egin duten hegaztiak izango dira?” galdetu dio batak besteari. Baina ez, arranoak ez ziren iheslariak. Egia esan, arrano burusoil bikotea New Yorkera negua pasatzera etortzen da duela urte batzuetatik hona. Urtarrila eta otsaila bitartean Central eta Brooklyneko parkeetan hartzen dute bizilekua. Bitxia da, Estatu Batuetako agintearen sinboloa da arrano burusoila, banderetan eta ikurretan agertzen dena, baina desagertzear egon zen XX. mendean. Ale batzuk baino ez ziren geratzen bizirik. Dena den, hura babesteko legeak ezarri zirenetik eta, batez ere, DDT pestizida debekatu, arranoen aldrak ugarituz joan dira, 2007an arriskuan dauden espezieen zerrendatik atera zituzten arte. Eta orain, begira, New Yorken habia duten negutiarrak dira arranoak.
Pozik etorri zen semea eskolatik. “Lagun berriak egin ditut gaur. Kimberly eta Justin. Alaiak dira eta eskuzabalak, futbolean beti pasatzen dute baloia”. Ikasturtea hasita sartu dira eskolan bi lagunak. New Yorkek azken hilabeteotan berrogeita bost mila errefuxiatu jaso ditu. Erdialdeko Amerikakoak eta Venezuelakoak dira gehienak. Tartean bi ume hauek. Eric Adams alkateak esan du ez dagoela azpiegitura nahikorik inor gehiago jasotzeko. Logela handiak antolatu dituzte eta hoteletan kokatu besteak. Eta umeak eskola publikoetan sartu estudiatzera.
Zorioneko sentitzen naiz euskalduna naizelako. Beti izan dut sentipen hori, txikitandik. Oztopoak oztopo, eta erasoak eraso, zorte onekoak gara. Bizitza luzea da euskararena, belaunaldiz belaunaldi eman du emaria iturriak. Zeinek esango zion Irulegin brontzezko eskua zintzilikatu zion hari, etxea erre ziotenean, bi mila eta berrehun urte beranduago bere hizkuntzak bizirik iraungo zuela. Dena galdu dela usteko zuen orduan. Baina ez, transmisioa ez da eten, nahiz eta euskararen historia gorabeheratsua izan, gehienetan aginteen babesik gabe. Herri xeheak eutsi dio hizkuntzari. Eta horregatik ere maite dut.
Oraindik orain, Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak ohartarazi du gerra nuklear bat hasteko arriskua inoiz baino handiagoa dela, eta ez dugula ahotsik altxatzen. Garai batean ez zen horretaz hitz ere egiten, erabat ahaztuta zegoen aukera hori, Sobiet Batasuna eta Estatu Batuen arteko gerra hotza bukatu zenetik. Urte horiek gogorarazten dituen aztarna bat dugu guk etxeko atarian: babesleku nuklearra bertan dagoela dioen txapa.