#144 - Latin Jazzaren eguzkia (Eddie Palmieri)
Description
Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa. 143. saioan, jazz latinoaren erraldoi bati egin diogu gorazarre, Eddie Palmieri piano joleari.
Karibear musikari eta latin jazzari egindako ekarpenagatik, legenda bat da New Yorken jaiotako Eddie Palmieri puertoricoarra, La Perfecta orkestraren sortzailea. 2025eko abuztuaren 6an hil zen gizona, 88 urte zituela, 2.500 zuzeneko jo eta 30 diskotik gora plazaratuta.
1961ean bere talde propioa eratu zuen, baina aurretik makina bat orkestratan jo zuen Palmierik, Tito Rodriguezenean, berbarako. Lehen lerroan lau tronpeta jole zituzten talde klasiko kubatarrak zituen gustuko, baina garestiak zirela-eta, tronboiz josi zuen bere taldea, eta honek ezaugarritu zuen beraien soinua, ordura artekoa baino urratzaileagoa, sugarragoa. Ismael Quintana zuen kantaria La Perfecta izendatu zuten estreinako orkestra hark. Aurki egin ziren ezagun.
60k0 hamarkadan, egun jazzaren maisutzat aitortzen den gizonak lan gogoangarri batzuk argitaratu zituen jazz musika eginez, Cal Tjader bibrafono jolearekin lehenengo -1966ko “El sonido nuevo” eta urte bete geroagoko “Bamboleate”-, eta bakarka gero, 19868ko “Champagne” diskoan.
Aintzinarotik datozen patroi erritmiko konplexuak jotzen zituen pianoan, musika afrokubatarra, baina berak aitortu zuenez, dantza zaleen zoritxarrerako, eta soinu propio baten bila, haratago hedatu gura izan zuen bere jotzeko modua, eta jazz musikan murgildu zen buru belarri. Etorria Herbie Hancock, McCoy Tyner eta Thelonius Monk maisuengandik jaso zuen piano joleak.
70eko hamarkada hasieran “Vamonos pa´l monte” plazaratu zuen, eta 1974an “The Sun of Latin music”, kritikarien esanetan Palmieriren diskorik onena, eta lehen Grammy Saria ekarri ziona, musikari latino batek eskuratu zuen lehena -etorriko ziren gehiago ere-. Hamarkada horretan, gainera, puertorikoar etorkinez beterik ziren estatubatuar gartzelak, eta nuyoricans-en kontrako aurreritziei aurre eginez, Sing Singeko presondegian ere jo zuen zuzenean.
80ko hamarkada, musika zaleak beste bide bat hartu zutela-eta, erretiratu samar pasa zuen Puerto Ricon, baina 90eko hamarkadan itzuli eta La Perfecta II jarri zuen martxan. Gizona Donostiako Jazzaldian ere izan zen, 2003an, Tito Puenteren omenezko kontzertuaren gidari lanetan. 2018ko “Mi luz mayor” du, lau urte aurretik zendutako Iraida emaztearen omenezkoa.
Eddie Palmierik zuen New Yorken taupaka dabilen karibear musikaren giltza, Cesar Miguel Rondon venezuelar kazetariaren aburuz. Eta musikagintzan utzi duen arrastoaren adibide, bi elkarlan aipatuko ditugu. Karibear musika jorratuz Ile herrikidearekin egindakoa bata -Ileana Mercedes Cabra Joglar, Calle 13rekin ezagun egindakoa-, eta jazz musika jorratuz Christian McBride kontrabaxu jolearekin egindakoa bestea.
★ Support this podcast on Patreon ★